112 orrialdea
9 €
No compatible para formato kindle
Diseinua: Setanta
1936ko uztailaren 18a, Baiona. Altxamenduaren berri izan ondoren, Antonia Mercé eta Luquek, La Argentina ezizenez ezaguna zen Espainiako dantzari eta bailaorak, sinkope bat izan, eta hil egin zen, Bigarren Errepublikarekin batera zoritxarrez. 46 urte zituen. Historia eta artista hautsi egin ziren.
Isabel de Naveránek, irudiekin elkarrizketa estuan, kolpe horren oihartzuna bilatzen du, banakako konbultsio horrek modu adierazgarri eta sinbolikoan biltzen baitu etortzekoa zen oinaze kolektiboa, une eta modu desberdinetan durundi egin duena, beste artista batzuen eskutik: batetik, itxuraz urrun dauden Kazuo Ohno —bere dantza berreskuratu behar izan zuena, dantzan ikusi eta berrogeita hamar urtera— eta Takao Kawaguchi japoniarrekin, bestetik, Rocío Molina bailaora eta Gertrude Stein idazlearekin.
Bilgarria, historia eta sinkopea ez da Antonia Mercéren biografia bat, baina ezin du (eta ez du nahi) horretatik ihes egin, haren figura magnetikoak egituratzen baitu saiakera hau, memoria kolektiboaren transmisioan —koreografiko eta artistikoan— barneratzen dena —dantzan, gorputz bakoitzak agertzen du kultura-ondare bat eta, orobat eta batez ere, eragiten dion oraina—. Alabaina, egileak aldendu nahi du erakarpen ikoniko horretatik, haren izenak eta dantzak sortzen duten liluratik, eta ibilbide afektibo bat proposatzen du, mugimendua gorputz batetik bestera transferitzeko dituen bideak aztertzeko. Dantza egitea beti da beste gorputz batzuk dantzatzea —hala dio—, errepikatzea eta, aldi berean, desberdintasunean agertzea; beste batzuen mugimenduak barneratzeko gai izatea, iragazkor izatea. Gaitasun aparta, La Argentina eta Federico García Lorca eta beste artista garaikide batzuk batzen zituena. Izan ere, biak izan ziren beste gorputz batzuei adi entzun zieten agente aktiboak, eta biek pairatu zituzten beren larruetan ixten ari ziren aukeren ondorioak.
Isabel de Naveránek (Getxo, 1976) artea, koreografia garaikidea eta performancea uztartzen dituzten proiektuetan lan egiten du. Bere ikerketetan denborari buruzko kezka agertzen da, hala koreografia hedatuko denbora zinematografikoaren ekoizpenari buruzko bere doktore-tesian, nola azken lanetan, zeintzuek gorputz-transmisioa eta denbora historikoaren kontzeptuaren berrikuspena baitituzte ardatz, praktika iragankor eta iheskorretatik abiatuta. 2010ean, Leire Vergara, Miren Jaio eta Beatriz Caviarekin batera, Bulegoa z/b sortu zuen, Bilboko arte- eta ezagutza-bulegoa, eta horri lotuta egon zen 2018ra arte. Gaur egun, Reina Sofía Museoko (Madril) jarduera publikoen saileko arte bizietako kuradorea da, eta, zeregin horrekin batera, Azkuna Zentroko (Bilbo) ikertzaile AZkide
gisa ari da lanean La ola en la mente (Olatua buruan, 2021-23) proiektuan, idazketa somatikoa kuradoretza-forma gisa hartzen duen proposamenean.